Zergatik Zubi Zahar Herri Ikastola?

0-16 urte bitarteko hezkuntza eskaintza daukagulako: 0tik 16 urtera arte ikastolan daude, ibilbide osoan bidelagun dituzten profesionalen artean. Etapa batetik bestera eman beharreko jauziak lasaiak eta mailakatuak dira erreferente berdinekin egiten dituztelako. Honek, ikasleengan ziurtasuna, lasaitasuna, konfiantza eta oreka dakartza.

Irakasle eta profesional trebe eta trebatuak ditugulako: Ikastolan lan talde finko bat dugu, ikastola, ikasle eta familiak barru-barrutik ezagutzen dituena. Hazte eta hezte prozesu osoan, ikasle bakoitzaren ezaugarriak kontutan izanik aldamenean izango dituena. Profesional hauek etengabeko formazioan dihardute.

Herritik sortu ginelako eta herriarentzat dihardugulako: Euskal Hezkuntza Sistemako parte gara, herri ekimenetik sortu eta Kooperatiba izaera dugularik. Gure umeen hezkuntza gure esku egoteko modu bat da erabakiak denon artean hartuz, eta proiektuaren parte aktibo izanez.

 

Berrikuntzei beldurrik ez diegulako: Hezkuntzaren etengabeko berrikuntzan sinisten dugu. Etapa guztietan proiektu berriak martxan ditugu KUKU (HH), KIMU (LH), EKI (LH) eta diziplina arteko proiektuak (DBH), besteak beste. Hauetariko batzuetan gainera, gure irakasleak ari dira beste ikastoletako irakasleekin batera proiektu horrek sortzen.

Familien beharretara egokitzen diren zerbitzuak ditugulako:

  •     Herriko eta eskualdeko kalitatezko produktuez hornitutako jantoki zerbitzua daukagu.
  •     Familien kontziliaziorako ezinbestekoa den dohaineko goizeko zaintza eskaintzen dugu ikastolan.
  •     Ikasleen hezkuntza integralean eragiten duten eskolaz kanpoko eskaintza zabala (irratia, eskola kirola, euskal dantzak, marrazketa…).

Euskal Herri osoa batzen duen ikastola bat gehiago garelako:  Herrigintzatik eta elkartasunetik elkar laguntzeko antolatuta gaude, Euskal Herriko zazpi probintziak batzen dituen elkarte bat izanik.

Antolakuntza honi esker, «elkartasun kutxa» bidez, urtero hezkuntza proiektua aurrera eramateko zailtasun ekonomikoak dituzten ikastolei laguntza ematen diegu (Iparralde eta Nafarroakoei batez ere), gure hezkuntza komunitatea osatzen duten familia guztiek urtero 15na euroko ekarpena eginez.

 

Ez dakigu zer ekarriko digun etorkizunak. Baina badakigu zer etorkizun nahi dugun. Eta, bereziki, badakigu gure ikasleak nolakoak izatea nahi dugun etorkizunean. Horretarako ari gara hezkuntza eraldatzen, egungo erronkei erantzuten; etorkizunari begira, egungoa hobetzeko, egungoa eraldatzeko.