Konfiantzaren pedagogia

Konfiantzaren Pedagogiaren oinarri-oinarrian pertsonaren gaineko ikuspegi jakin bat dago, eta ikuspegi horretatik eraiki dugu gure pedagogia. Pertsonari pertsona oso izaten eta zoriontsu izaten laguntzea helburu duen pedagogia. Pertsona ikusteko modua, pertsonarekiko jarrera eta jokaera jakin bat daude, beraz, pedagogia horren oinarrian.
Pedagogia hori praktikatzen dugunon ikuspegitik, pertsona bakoitza bakarra da, errepikaezina. Gutariko bakoitzak gaitasun jakin batzuk ditugu, behar batzuk, zailtasun batzuk, proiektu eta amets batzuk. Elementu horien arteko konbinazioa bakarra da pertsona bakoitzarengan.
Pertsona, jaiotzen den unetik beretik, hainbat gaitasunekin dator mundura eta, testuinguruak laguntzen dion neurrian, gaitasun horiek deskubritzen, eguneratzen eta garatzen joango da bizitza osoan zehar.
Uste dugu, gainera, ikasleari bere ikasprozesuan laguntzekotan, pertsona ezagutu egin behar dugula ezinbestean. Konfiantzaren Pedagogiak pertsona horrek nola funtzionatzen duen ulertzen laguntzen dio hezitzaileari. Zergatik eta zertarako jokatzen duen modu jakin batean. Zein diren haren oinarrizko beharrak eta horiei nola erantzun modu egokian. Zertan eta nola lagundu pertsona oso moduan garatzen.