Haur eta Gazte Literatura

2020ko ABENDUA

Kaixo, familia.

Ez da urte erraza, baina alde ona topatzeko aukera ere bilatu behar diogu. Ikastolak garrantzi berezia ematen dio irakurketari. Interes hori, ez da mugatzen haurrei irakurtzen eta idazten erakustera. Ikastolak jarduera eta ekintza ezberdinak jorratzen ditu irakurketaren zaletasuna pizteko eta indartzeko.​

Eta ez da garai erraza, irakurketak esfortzua eskatzen duenean, bestelako tresnek denbora erraz betetzen dutenean. Mendi gailurretik ikusten den paisaia zoragarria nahi dugu, baina gora igotzen esfortzu txiki bat eskatzen du. Onura gero ikusten da.

Haurrek irakurtzen jakin edo ez, etxean ere, irakurketa bultza dezakezue. Hoberena, txikiak direnean, eurekin 3-5 minutu egunero irakurtzea litzateke. Liburutegira joateak kezka sortzen digu, baina aukera bat da (neurrian hartuta daude). Hazten doazen neurrian, irakurketa-tartea luza daiteke. Ikastolan ere gehiago irakurri beharko dute ikasi beharrekoa ikasteko. Eta ez ahaztu, asko estimatzen dute nagusiago batek irakurtzea.

Gabonak badatoz eta irakurketarako sasoi egokia da berau. Ordu asko egin beharko ditugu etxean ere. ​Liburua opari ezin hobea izan daitekeela ​​kontutan hartu.

Zer egin horretan laguntzeko, ikastolatik aholku gisa, zenbait irakur-gida desberdin eskaintzen dizuegu. Ireki, begirada bat bota eta, nahi izanez gero, bertatik aukeratu. Bakoitzak jakingo du zein iturritik edan.

Irakurtzea ona da, irakurtzea eta ulertzea hobea, baina desiatu behar duguna irakurriz gozatzea da.

IRAKURKETA ON!

Zubi Zahar herri ikastola, 2020ko abendua

Etiketak